HIRILIFE Aranzadi Zientzia Elkartearen sailen arteko proiektu bat da. Honen helburua hiri-biodibertsitatea ikertzea, dibulgatzea eta hau kontserbatzeko eta sustatzeko dagoen beharraz hezitzea da.
Zehazki, HIRILIFE-n helburu orokorrak honako hauek dira:
(1) Biodibertsitatearen banaketa eta faunak hiri-ingurunean duen moldaera ikertzea da. Eremu honetan egiten ditugun lanak “hiri-ekologia” deritzonaren barruan kokatzen dira.
(2) Hirietan dagoen natura-ondarea zabaltzea eta haren kontserbazioa sustatzea.
(3) Gizartea hiri-biodibertsitatearen gainean sentsibilizatzea eta heztea, gure inguruan bizi diren espezieak identifikatzeko eta ezagutzeko ikastaroak eta trebakuntza tailerrak barne.
HIRILIFEn, ikertzaile, ikasle, tokiko eragile eta herritarren parte-hartzea elkartzen da, biodibertsitatea sustatzeko asmoz, hiri-habitata ezagutu eta hobetzera bideratutako hainbat jardueren bitartez. Aranzadi Zientzia Elkartetik hainbat lan-ildo ditugu hiri-ekologiaren arloan.
Ikerketa:
(1) Zentsuak, mapak eta espezien distribuzio atlasak egitea hiri inguruneetan. Adibide gisa, Donostiako hegazti habiagileen atlasa: www.atlass.eus.
(2) Basa-espezieak hiri ingurunera nola moldatzen diren ikertzea.
Kontserbazioa:
(3) Arriskuan dauden espezieak kontserbatzeko eta biodibertsitatea hobetzeko programak. Hegaztientzako habi-kutxak jartzea, intsektu saproxiliko mehatxatuen eta saguzarren kontserbazioa sustatzeko babeslekuak egitea edo anfibioentzako putzuak eraikitzea bezalako ekimenak burutzen ditugu hiriguneetako biodibertsitatea sustatzeko.
(4) Espezie exotiko inbaditzaileen erradikazioa.
Dibulgazioa, hezkuntza eta formakuntza:
(5) Gure hiri eta herrietan ikus ditzakegun espezieak identifikatzeko ikastaroak eta trebakuntza tailerrak.
(6) Hiri-biodibertsitatea ezagutzeko bisita gidatuak hiri eta herrietan.